LIZEOAN DAUDEN BITARTEAN, IKASLEEK EZ DUTE MUGIKOR EDO SMARTWATCHIK ERABILIKO
1. Hausnarketa:
Familia askotan teknologia berrien erabilerari buruzko kezka gero eta handiagoa da. Horren ondorioz, 2023-24 ikasturtean, ikastolaren urteko plana garatzeko, Santo Tomas Lizeoa Loistarain Kooperatiba Elkarteak monografiko bat jarri du abian Teknopedagogiaren arloan. Bilera horietan Kontseilu Errektoreko kideek eta Kontseilu Pedagogikoko gurasoek hartu dute parte.
Gaiaren egungo egoerari buruz hausnartzen saiatu gara, hainbat azterlan, argitalpen edo ekimenen ekarpenak edo jarduerak aztertuz. Hemendik aurrera erabakiak hartzea dagokigu, ikastolaren hezkuntza-testuingurua hobetzeko eta gure ikasleen garapen integralean laguntzeko.
Zuen eskuetan jartzen ditugu, alde batetik, adostutako printzipio nagusiak, eta bestetik, geure buruari egindako galderei emandako erantzunak. Espero dugu informazio hori zuen laguntzarako izatea eta bidean gurekin kolaboratzea.
Eskerrik asko.
Santo Tomas Lizeoa Loistarain Kooperatiba Elkartea.
2. Ondorioak
Aztertutako lanen analisiak, errealitatearen ezagutzak eta ikastolan izandakoeztabaidek ondorio nagusi hauek identifikatzera eraman gaituzte:
1. Mugikorren erabilerak mendekotasun handia sortzen du ikasleengan -baita gainontzekoengan ere-, bai jokoetan ari direnean, zein sare-sozial ezberdinetako edukiak ikusten ari direnean.
2. Ikasle askok ez du behar adina ezagutza eta indarrik, mugikorraren erabilera neurtu eta mugak jartzeko. Horren ondorioz, arinagotzat har daitezkeen kalte batzuk sortzen dira – arreta gabezia, adibidez-, baina baita larri bilaka daitezkeen beste batzuk ere, hala nola errealitatearen distortsioa, urduritasun eta antsietate egoerak, elikadura nahasmenak, jarrera biolentoak…
Teknologien erabileraren arazorik handiena ez dago eskolan, araututako gabeko espazioetan baizik. Estatistikoki, 12 urteko ikasleek batez beste 3 pantaila dituzte etxean: telebista/tableta eta mugikor pertsonala. Egiten dituen gailu digitalen erabilera garrantzitsua da, ordu asko dira, eta osasun-erakundeen azterketek diote kaltegarria izan daitekeela: alde batetik, ez dute heldutasun nahikorik sartzen diren edukien testuingurua ulertzeko, eta, gainera, algoritmoek muturreko edukietara eramaten gaituzte eta mendekotasuna sortzen dute. |
3. Ikasleek mugikor edo smartwatch-ak eskolan edukitzeak arazoak sortzen ditu ikaskuntza-prozesuetan eta kudeaketan. Alde batetik, gailua eskura izateak – nahiz eta isilean izan – ikastearekin loturarik ez duen bestelako egoera batera konektatuta mantentzen dituelako, eta elementu disruptiboa delako. Eta, bestetik, edozein erabilera desegokik kudeaketa eskatzen duelako, hain zuzen ere, mendekotasun handia sortzen dien balio handiko gailuaren kudeaketa.
4. Gaur egun, Lizeoan dauden bitartean, ikasleek egiten duten mugikorraren erabilerak oso gutxitan laguntzen du garapen akademikoan; izan ere, gehienetan, jolasteko edo sare-sozialen bitartez komunikatzeko erabiltzen dute.
5. Ikasle batek familiarekin komunikatzeko behar larria badu, Lizeoak baditu baliabideak berehala egiteko.
6. Bestalde, egungo mugikor batek hamaika aukera ematen ditu, formatu ezberdineko edukiak sortu / editatu / partekatzeko, elkarren artean komunikatzeko…, eta bai ikasteko ere. Ondorioz, ikastolak prozesu horretan lagunduko du, konpetentzia digitalaren garapenaren bitartez.
7. Familiek eta eskolak prozesu horretan kolaboratu behar dugu. Ikastetxeak dira, une honetan, gunerik babestuenak, teknologien erabilera modu arautuan eta kontrolatuan egiten baita – salbuespenak salbuespen –, eta bide horretan jarraitu behar dugu.
8. Teknologia baztertzea ez da alternatiba erreala. Hezkuntzako profesionalok teknologia berrien erabileran trebatzeko eta ikasteko ardura dugu, ikasleen garapen akademiko eta pertsonalean laguntzeko baliabide esanguratsuak eskaintzen dituztelako. Aukerak identifikatu eta inplementatu behar ditugu.
3. Galderak eta erabakiak
GAIAK | ERABAKIAK |
1. Zein izango da mugikorren erabilera? | Lizeoan ez da mugikorrik erabili behar, ezta klase ordutik kanpo ere. Ikasleen lanerako, chomebooka izango da konpetentzia digitala garatzeko tresna nagusia. |
2. Zergatik erabaki hau? |
1. Ikasleek Lizeora ekartzen dituzten mugikorrak, neurri handi batean, aisia edo jolasteko erabiltzen direlako: sare-sozialak zein jokoetan aritzen dira. 2. Disruptiboak direlako. Ikastolan ikasteko esperientziak eskaintzen ditugu, eta horiek arreta eskatzen dute. Gaur egun, bizi dugun konektibitate- mailak ez du kontzentrazioan laguntzen. 3. Adikzioa sortzen dutelako. Geroz eta handiagoa da gai honek gure artean -ez bakarrik ikasleen artean- eragiten duen kaltea: adiktiboak diren aplikazioen erabilera murriztu behar dugu, eta eskolan horretan kolaboratu behar du. 4. Bizikidetzan ere arazoak sortzen dituztelako. Pertsonen arteko komunikazioa mugatzen du eta erabilpen desegokiak gertatzen direnean, kudeaketak urduritasuna eta tentsio ekartzen duelako. |
3. Zer gertatuko da norbaitek araua errespetatzen ez badu? | Mugikor edo smartwatcha Lizeoko idazkaritzan utziko du, etxerako komunikazioa egingo dugu eta hurrengo eguna bitartean ez du jasoko. Jarrera errepikatuko balitz, neurri bereziak hartuko lirateke. |
4. Zeintzuk izango dira ikasleak, familiaketa ikastolak hartuko dituen konpromisoak? | Bizikidetzaren izenean, familietan seme-alabei mugikorra beranduago ematen saiatuko gara. Beharrezkoa ez denean, hobe da Lizeora halako dispositiborik ez ekartzea. Lizeoan gaudenean, araudiarekin kolaboratuko dugu. |
5. Zein formazio saio eskainiko zaizkie familiei gaiaren inguruan? | Txikienen familietatik hasita, pantailen erabilera desegokiak dituzten arriskuen inguruko saio formatiboak antolatuko dira eta hausnarketarako espazioak sortuko dira, Guraso-Eskola formatuan. |
6. Zein ekintza antolatuko dira ikasleekin teknologia berrien erabilpen egokia sustatzeko?
|
Ikasleekin proiektu eta prebentzio saio bereziak egingo dira, etapa eta maila ezberdinetan, teknologia berrien erabilera desegokiak dituen arriskuen inguruan: cibermanagers, sarea eskuetan… |