Irudikatu 2030

5 Irudikatu

Irudikatu 2030

Etorri eta parte hartu ikastolaren eraldaketan!

Berebiziko erabakiak hartuko ditugu

Bideoan esaten den bezala, ikastola eraldaketa prozesu batean sartu da; datorren hamarkadako ibilbidearen ondoren, ikastola berri eta hobe bat sortu nahi dugu.

Diseinatu dugun estrategiak pauso asko ditu baina, lehenik eta behin, bi erabaki garrantzitsu hartu behar ditugu denon artean: nolako pertsonak hezi nahi ditugun eta nolako ikastola nahi dugun.

Ikastolako hezitzaile taldea hasi da lehen hausnarketak egiten baina, ikastola, familien kooperatiba bat izanik, zuen parte hartzea ezinbestekoa da. Eraldaketak aurrera egingo badu, horrelako erabakiak ikastola osatzen dugun kide guztion adostasunarekin hartu behar ditugu.

Ohartzen gara, ikasle zaharrenen familientzako urrun xamar geratzen zaizuela hamarkada bateko epea, baina zuek duzuen ikastolako urte guztien ezagutza dela eta, zuen parte hartzea ere oso garrantzitsua dela uste dugu.

Familientzako proposamena eta egutegia

Proposamena

Lehen fase honetarako, martxoa eta maiatza bitartean, bilera informatibo bat eta bi tailer antolatu ditugu: bilera prozesuaren berri zehatzagoa emateko eta tailerrak nolako pertsonak hezi nahi ditugun eta nolako ikastola nahi dugun hausnartzeko. Ahalik eta parte hartze zabalena lortzeko, egun eta ordutegi ezberdinak proposatu ditugu.

Bilera informatiboak martxoak 21·22

Lehen bilera, esan bezala, informatiboa da, prozesua zehatzago ezagutu nahi duenarentzat. 

Martxoak 21, asteartea, 18:00tan.
Martxoak 22, asteazkena, 19:00tan.

Parte hartzeko bi tailer

Bigarren tailerra lehenengoaren jarraipena denez, bi tailerretan pertsona berdinek parte hartzea komeni da. Ondorioz, astelehenak aukeratuz gero, adibidez, bi tailerrak astelehenetan egingo dira. Norbaitek, bestelako moldaketarik beharko balu moldatuko ginateke.

Lehen tailerra · Apirilak 24-28

Nolako pertsonak hezi nahi ditugu?

Bigarren tailerra · Maiatzak 8-12

Nolako ikastola eraiki nahi dugu?

Tailerren funtzionamendua

Izena eman: tailerrak antolatzeko ezinbestekoa zaigu aukera bakoitzean zenbat parte hartzaile izango zareten jakitea. Hori dela eta, prozesuan parte hartu ahal izateko izena ematea eskatuko dizuegu.

Aukeratu egun bat: astelehenak aukeratuz gero, bi tailerrak astelehenetan egingo zenituzkete. Norbaitek, beharko balu moldatuko ginateke. Idatzi zure eskaera irudikatu@stl.eus helbidera.

Taldekatzeak eta dinamikak prestatzeko: zuen seme alaba gazteenaren etapa zein den eta zuen euskararen ezagutzari buruz ere galdetuko dizuegu (taldeak ez ditugu hizkuntzaren arabera egingo baina antolaketa prestatzeko beharrezkoa dugun datu bat da).

Ludoteka: tailer bakoitzak iraungo dituen bi orduetan zuen seme alabek antolatuko dugun ludoteka zerbitzuan jardun ahal izango dute.

Aukeratu eguna

ASTELEHENAK: apirilak 24 eta maiatzak 8,
18:00-20:00

ASTEARTEAK: apirilak 25 eta maiatzak 9,
17:00-19:00

ASTEAZKENAK: apirilak 26 eta maiatzak 10,
18:00-20:00

OSTEGUNAK: apirilak 27 eta maiatzak 11,
17:00-19:00

OSTIRALAK: apirilak 28 eta maiatzak 12,
17:00-19:00

Prozesuaren inguruko informazio gehiago

Kokapena - Prozesuaren aurrekariak

Ikastola barnean

Ikastolaren eraldaketa beharra ez da goizetik gauera sortu den behar bat. Azken urteetan, abiapuntu eta ikuspegi ezberdinekin zenbait hausnarketa prozesu egin ditugu ikastolan:

    • Hezkuntzaren xedea eta hezkuntza proiektua: klaustroak egindako lanketa, hezkuntza proiektua berridazteko lehen pausoak izan ziren.
    • Posizionamendu estrategikoa: Kontseilu Errektorearen lidergoarekin egindako hausnarketa prozesua, besteak beste, ikastolako irudi berria izan zuen emaitza.
    • Irteera-profila: Huhezi-ren laguntzarekin, klaustroak egindako lanketa, hezi nahi dugun ikaslearen profilaren lehen zirriborroa idatzi zen.

Ikastola kanpotik

Prozesu hauek guztiak, ikastolako kideon kezkaren seinale dira; izan ere, jaiotze tasaren beherakadak, hezkuntza lege berriak, hezkuntzari egiten zaizkion eskakizun berriek, besteak beste, geldirik ez egoteko beharra sortu digute. Aurrera eraman ditugun prozesu hauek guztiak, positiboak izan direla eta berauetan asko ikasi dugula sinetsita; zintzoak izanda, estrategia garbirik gabe egindako bidea izan dela onartu behar dugu.

Horregatik, eta egindako lanketa horiei zentzua eman eta denak norabide berean lerrokatzeko, epe ertain eta luzerako estrategia baten beharra nabarmena da. Behar hori asetzera dator, hurrengo ataletan xehetuko dugun bezala, Reimaginen aholkularitzarekin hasi dugun prozesua.

Zer da Reimagine

Reimagine Education hezkuntza erakundeen eraldaketarako aholkularitza ematen duen enpresa kataluniar bat da. Enpresaren sortzailea den Xavier Aragayk ibilbide luzea du hezkuntza erakundeen kudeaketan. Besteak beste UOC-ko (Espainiako lehen online unibertsitatea) sortzaileetako bat izan zen eta Horizó2020 (Bartzeloako jesuita eskolen eraldaketa) prozesua gidatu zuen. Informazio gehiagorako web orria bisita dezakezue: http://www.riedulab.net/.

Riedusis metodologia

Riedusis metodologia Reimagine enpresak ikastolaren eraldaketarako proposatzen duen prozedura edo metodologia da. Prozedura horrek fase ezberdinak ditu eta horrelako eraldaketa bati dagokion bezala, konplexutasun maila handi xamarra. Zehaztasun gehiegitan sartu gabe, prozesuaren ezaugarri nagusiak ematen saiatuko gara:

    • Prozesua neutroa da, nolako ikastola nahi dugu guk erabakiko dugu, prozesuak ikastola horretara iristeko pausoak eskaintzen dizkigu.
    • Prozesuak garrantzia handia ematen dio, komunitateko kide guztion parte hartzeari, ezinbesteko jotzen du, hortaz, familien ekarpena.
    • Prozesuak ZER nahi dugun definitzeari ematen dio garrantzia. Behin hori definituta bakarrik hasiko gara erabakitzen, NOLA lortu amesten dugun ikastola hori.

Nolako ikastola nahi dugun erabakitzeko pauso batzuk definitzen ditu:

    • Ikastolako misiotik abiatzen da: egokituko zaien munduan bizitzen moldatuko diren, eta mundu hori hobetuko duten, pertsonak heztea.
    • Pertsona eredua definitu: misio horri erantzuteko nolako pertsonak hezi behar ditugun erabaki. Pertsona eredu horretan aurrera egiteko, ikasleari aukerak emango dizkion ikastola amestu.

Nahi dugun ikastola hori lortzeko pauso batzuk definitzen ditu:

    • Marko pedagogiko orokorra adostu: irudikatu dugun ikastola aurrera eramateko behar ditugun hezkuntza ildo nagusiak, eduki aukerak eta hautu metodologikoak zehaztu.
    • Esperientzia aurreratua martxan jarri: ikastolako eremu batean (4 ikasmaila) irudikatutako guztia aplikatu.
    • Esperientzia aurreratua ebaluatu eta zabaldu: ebaluaziotik ateratako hobekuntzak eginez, esperientzia aurreratuan aplikatutakoa ikastola osora zabaldu.

Estrategia eta egutegia

Riedusis metodologiak, esan bezala, estrategia bat eman digu eta pauso nagusiak egutegi batean jartzeko aukera eman digu. Hona hemen, estrategia horren mugarri nagusiak:

    • EPE LUZEA: 2032 urtea jarri dugu, ikastola osoa eraldatua izango dugun urtea bezala. Bidea luzea da eta ez da erraza epea guztiz zehaztea, baina, horrela irudikatu dugu.
    • EPE ERTAINA: 2025eko irailean jarriko dugu martxan esperientzia aurreratua. Horretarako, 2023-2024 ikasturtean marko pedagogiko orokorra eta esperientzia aurreratuaren diseinua egingo ditugu. 2024-2025 ikasturtea, esperientzia aurreratuaren ekoizpena egiteko erabiliko dugu.
    • EPE MOTZA: Hemendik eta ekainera bitartean, ikastolako kide guztion artean, pertsona eredua zehaztu eta nolako ikastola nahi dugun adostuko dugu. Horretarako, langile taldeak, ikasleek eta familiek bide paraleloak egingo dituzte, eta ikastolaren jaialdian, prozesu horren emaitza komunikatuko dugu.